Antoñana
Historia
Historiaurretik, Antoñana hiribilduan abereak hezten zituzten zenbait nomada bizi ziren.
Erdi Aroan, Nafarroako eta Gaztelako erresumak askotan lehian izan ziren hiribildu hau dela-eta, kokapen estrategikoa baitzuen eta bertatik igarotzen baitziren barnealde eta itsasertzean ibiltzen zirenak.
Antso Jakintsu errege nafarrak harresia eraiki zuen, eta 1182. urtean, Tudelan, foruak eman zizkion non haren zabalera zehazten zen –gaur duena baino askoz handiagoa-.
Nafarroaren pean izan zen 1200era arte, urte horretan Gaztelako Koroarekin bat egin zuen Alfontso VIII.-ak Kanpezuko harana menderatu zuenean. Errege horrek, 1204ko testamentuan, zin egin zuen hark hil ondoren hiribildua jatorrizko jabeari itzuliko ziola; Nafarroako Antso Indartsuari, alegia. Alabaina ez zuten erregearen nahia bete. 1218. urteko zenbait agiritan eta 1239. urtean Fernando III.a Santuak egindako Errege Dekretu batean esaten da hiribildua, artean, Gaztelakoa zela.
Errege-hiribildu izan zen 1367. urtera arte; urte horretan , Trastámarako Enrike II.a erregeak Ruy Díaz de Rojas jaunari eman zion, bere konfiantzazko noblea izateagatik. Rojas familiaren eskutik, Hurtado de Mendozatarren eskuetara igaro zen; Orgazeko Kondeak, alegia.
Urteetan, hiribildua haren jabeekin zenbait auzi izango ditu. 1588an Orgaz Kondea zigortu zuten hiribilduaren gaineko inolako eskubidea ez izatera, soilik ostatu hartzearena, kondea bera bertan egotekotan.
1635ean, hala Antoñana nola Santikurutze Kanpezu kondearen eskumenetik libratu ziren koroari ordaindu ondoren. Idatziaren laburpenak hitzez hitz honela dio: «para tener y gozar perpetuamente la jurisdicción civil y criminal, que no tocó ni toca a dicho conde, y de que habéis usado y usáis, así por cartas ejecutorias, como en otra cualquier manera a mí perteneciente, sin tocar ni innovar en la jurisdicción de dicho conde por el domicilio de la dicha villa».
Hiribildua
Antoñana erdi aroko hiribildu harresitua Euskadiko Monumento Nazionala da. Muino batean eta antzinako gotorleku baten gainean kokatuta dago, Ega ibaiaren ertzean.
Hiru kale nagusik zeharkatzen dute hiribildua iparraldetik hegoalderantz, eta hantxe aurrealdean armarria duten etxeak ditugu. Etxe horietatik guztietatik Hurtado de Mendozatarren, Orgaz Konteen etxe-dorrea (XIII. mendea) eta Elorzatarren etxe-jauregia dorrearekin (XVI. mendea) aipatu behar ditugu.
Oraindik gelditzen den erdi aroko ate bakarra hegoaldean dago, eta kuboa mendebaldean. Kaleak, egurrez estalitako pasadizo, kale estu eta kantoi batzuen bidez lortzen dira. Harresia pareta moduan erabiliz, etxean barrualderantz eraiki zituzten. Leihoak eta balkoiak harresian bertan daude.
XVII. mendeko eraikin batean kartzela zegoan, eta gaur egun Erle Zentroa eta Erakusketa Aretoa kokatzen dira eraikin horretan. Hiribilduaren ondoan erlearen omenezko monumentoa dago, eta mahai eta erretegiak dituen parkea ere. Antzinako eskola gaur egun ludoteka bihurtu dute.Hiribilduaren erdigunean pilotalekua dago.
Agín bidea Soila mendirantz jarraituz gero, baso mardula dugu, non ehun urtetik gorako hagin batzuk, bi zuhaitz-bitxi (ezkia eta hagina) eta beste zuhaitz batzuk (pagoak, haritzak eta artea) dauden, hantxe trufa landatzen dute.
Handik hurbil dagoen leku eder batean Aguaqué erretena dugu, leku horretan urtegiek ur-jauziak sortzen dituzte.
Ega ibaian irin-errota dago, 1617. urtean eraikitakoa. Zenbait zubik zeharkatzen dituzte Berrón eta Sabando ibaiak; ondokoak nabarmenduko ditugu: Puente del Parador, Puente Alto edo Salzinal (1762) eta Puente Laya (1829).