Orbiso
Historia
Herriaren kokalekua zein den kontuan izanda Nafarroa eta Arabaren arteko pasabidea izan da betidanik, bereziki erabiltzen zuten Nafarroatik Lautadara eta itsasoaldera joaten ziren bidaiariek. Horrela izan zen Erromatar garaian, eta baita Erdi Aroan ere, XVI. eta XIX. mende bitartean izan zuen oparotasun handiagoko goreneko unea.
Orbiso Santikurutze Kanpezuko herri bat izan zen bitartean Mendozatarren jaurerriaren, Orgaz Kondeen adarraren esku zegoen, baina 1735ean hiribildu bihurtu zen.
1835eko urtarrilaren 17an, lehenengo karlistaldian, Orbison Zumalakarregi eta Lorenzo elkartu ziren. Guda horretan, Euskadiko lurraldeetako, Kataluniako eta Aragoiko nekazari eta hiriko artisaua gehienek parte hartu zuten armada liberelaren kontra. Orbisoko kasuan, bi aldeek garaipena aldarrikatzen dute. Orbiso hartu zuten liberalek segituan utzi egin zuten.
Orbiso 1965 urtera arte udalerri independiente mantendu zen. Gaur egun, kontzeju edo administrazio batzarra egiturarekin Kanpezuko udalerriaren parte da.
Hiribildua
Somorredondoko hegoaldean, lautada zabal batean eta Istora ibaiak zeharkatzen duen haizpitartearen babespean dugu Orbiso hiribildua.
Kale nagusiak dira: Kale Nagusia bera, Erdiko Kalea eta Pilotalekuko kalea. Hiruak herriko plazan batzen dira, bertan San Andresen irudi bat dago.
Etxe gehienak XVI. mendekoak dira. Aurrealdea,n erdi-puntuko arkuko ateak, leiho gotikoak, armarriak eta armarri txikiak dituzte; adibidez, ondoko familienak: Ochoa de Alda, Arróniz, Joan Fernández de Gaceo, García Gastones.
Udaletxea eta anbulatorioa eraikin berri batean daude. Gizarte etxearen ondoan, pilotalekua – pareta bakarrekoa- haur parkea, bolatokia eta erretegia daude.
Kale nagusiaren mutur batean San Andrésen ohorezko parrokia-eliza dago, eta beste muturrean Kristo Santuaren guruztokia.
Hiru zubik zeharkatzen dituzte Istora ibaiko eta Rosaria erreketako urak. Herriaren kanpoaldean jolastokia duen Santa Luziaren ermita dugu. Herritik Istora haizpitartera doan bidea hartu dezakegu.