Oteo
Historia
Oteo hiribildua igarotzeko leku moduan sortu zuten, Harana eta Kanpezu artean mugitzen ziren pertsonak eta merkantziak kontrolatzeko, nahiz eta Historiaurreko aztarnak diren: Arratiandi haitzuloan, Atauri eta Oteo artean, Eneolitiko aztarnak eta gizaki hezurren sedimentuak aurkitu dira.
1182an, Antso Jakitunak, Nafarroako Erregeak, Antoñana hiribilduari eman zizkion Foruetan jasota dago Oteo haren lurralde barruan zegoela.
1256ko otsailaren 5eko Errege Zedulan, Alfonso X Jakintsuak Santikurutze Kanpezuri eman zion Foruan, lurraldea mugarritzeko orduan «Angosto de Oteyo» toponimoa jaso zuen. « Oteyo» izeneko toki honetan aurrerago Oteo herria kokatu zen.
Trastámarako Enrike jaunak herria Rojas leinuari eman zio. Ondoren, hark María alabari oparitu zion Álvaro de Mendoza y Guzmán jaunarekin ezkondu zenean, eta orduan Mendoza familiakoen, Orgaz Kondeen, esku gelditu zen.
1678ko urtarrilean herritarrek Karlos II.ari hiribildua erosi zioten, eta baita “berezko hiribildu” izendapena ere; bere autonomia mantendu zuen Kanpezuko Udalarekin batu zuten arte.
Hiribildua
Oteo Arana eta Kanpezuko bailaren artean dago, hiribildua inguratzen duten mendi baten magalean. Magal horretan sakabanatzen dira baserriak, etxeak elkarrengandik bananduta daudelarik. Bere iragan historikoko etxeen fatxadetako ezkutuak, puntu-erdiko arkuetako ateak eta leiho gotikoak geratzen dira; Ruiz de Alda-renak, kasu,.
Sakan batetik zintzilikatuta San Mamési eskainitako parrokia-eliza dago; probintzian Santu horri eskainita dagoen bakarra da.
Antzinako eskolak kultura-etxe bihurtu dituzte, eta horren ondoan pilota-frontoia dago.
Goialdean, ikuspegi ederrak dituen San Juan ermita dago. Mendian, tontorrean, San Cristobal-i eskainitako ermita dado, orain dela gutxi zaharberritua.
Antoñanara doan errepidean, harkaitzen artean eta ur-jauzi eder baten ondoan, 1736. urteko irin-errota kokatzen da; Arabako Mendialdeko ederrenetako bat da.